Basoen tradiziozko erabilerak. Imprimir
 Arbolak antzinatik erabili dira eraikuntzan, haien ezkur eta hostoak aziendei eman zaizkie bazkatzeko edo zurarekin egur-ikatza egin da. Espainiako eta Frantziako itsas armadek ere begia eman zioten Iratiri XVIII. mendean, bertako izeien eta pagoen kalitateagatik, beren itsasontzietako mastak egiteko.
Joan den mendean, oihanen kudeaketatik etorri zen Zaraitzuko eta Aezkoako ibarrendako diru-sarrera nagusia. Garai batean, oihana ustiatzeko, behin eta berriz bakantze lana egiten zen; "zuhaitz ama" batzuk uzten ziren, eta basoberritzea berez gertatzen zen. Zura atera eta garraiatzeko sistemetan bilakaera teknologikoa etorri da urteen poderioz. Aizkoraz edo arpanez arbolak bota ondotik, zamarien bidez garraiatzen ziren pilatzeko tokiraino; handik, ubideetan barna eramaten ziren. Oraindik ere ikus daitezke horretarako erabiltzen ziren presa eta esklusen hondarrak.XX. mendearen hasieran, enborrak ugaldean beheiti bideratzen zituzten, banaka-banaka edo elkarri loturik almadiak eginez; horrela, Zaragoza edo Tortosaraino joaten ziren, egurra leku haietan saltzeko.Geroago, 60ko hamarkadan, ingeniariek asmaturiko sistemaz baliatzen hasi, eta enborrak kableen bidez airean barna garraiatzen zituzten. Pasadizo gisara, Iratin lehenbiziko mendi pista egiteko sartu zen lehen kamioia piezaka eraman zen behar zen lekuraino, 18 km kable bidez eginda; modu berean sartu ziren bertara oreinak, populazioa berritzeko, 60ko hamarkadan. Gaur egun, zuhaitzak motozerren bidez bota, garraio-traktore modernoen edo skidder izenekoen bidez atera, eta kamioitzar batzuetan garraiatzen dira saltokietaraino. Egurraren prezioa goraka ari da orain, baina apaltzen joan baita azkeneko hamarkadetan,  diru-sarrerak franko txikiagoak izan dira oihan- probetxamendu hauen jabe diren Zaraitzuko eta Aezkoako batzarren diru-kutxetan. Gaur egun, hermendiak direnez, ibarretako bizilagunek egur-loteak eskuratzen dituzte etxeetarako, baina baita bestelako produktuak ere bai; esate baterako, onddo eta perretxikoak, masustak, ahabiak eta basasagarrak likorrak egiteko.