Nekazaritza eta abeltzaintza Imprimir

Abeltzaintza mendialdeen bizigai nagusia izan da, eta jarduera garrantzitsua Irati aldean. Zaraitzun, garai batean, rasa ardien 40.000 buru baino gehiago izan ziren, negu partean Bardean bazkatzera transhumantzian joaten zirenak zaraitzuarren errege altxonbidean barna, baina gaur egun askoz ere gutxiago dira. Aezkoako ardietan, berriz, latxa arrazakoak dira nagusi; azken artaldeak Nafarroa Beherera joaten dira. Behigorri piriniarrak ere ikusten dira Iratin bazkatzen; ez aspaldi galtzeko zorian egon ziren, eskualde honetan izanik gelditzen ziren bakanak. Auritz arrazako behorra, berriz, gurdi-abere ona, baina azken urteotan erabilera hori murriztu da. Zaraitzu, Erronkari ibarra bezalaxe, transhumantzia fenomenoari erabat loturik egon da. Negua iritsi baino lehen, artzainek Nafarroako Erriberako Bardeara eramaten zituzten beren artaldeak, urtez urte zortzi mende baino gehiagoz egin izan duten tradizioa betez. Lekualdatze horretan ia 90 km egiten zituzten oinez, beti leku berean barna: Murillo el Frutotik Zaraitzurainoko errege altxonbidea.Lurraren erabileraz ari baldin bagara, garbi dago ezin dugula ahantzi nolako aldaketa ekarri zuen eskualdera hazitarako patata lantzen hasteak; jarduera hori diru-iturri garrantzitsuena izan da zenbait hamarkadatan Zaraitzu eta Aezkoako goialdeetan.Gaur egun, nekazaritzak ez du azalera handirik hartzen Orreaga-Iratiko Oihanaren eremuan, baina oraindik ere nolabaiteko garrantzia du, jarduera ekonomiko gisara, herri jakin batzuetan, konparaziorako, Jaurrietan, non patata lantzen segitzen baitute.Abeltzaintzak, ordea, jarduera maila handia du oraindik eta, gainera, lotura zuzenak ditu eskualde honetako habitat eta espezieekin; harreman horren ondorioa da Batasunaren Intereseko Lekuaren izendapena.Eremu babestuko larre gehienak herri-jabetzakoak direnez, jarduera honen lotura-adarrak ibarra osatzen duten udalerri guztietaraino iristen dira.Eskualdean, garrantziaren arabera ordenaturik, lau abeltzaintza mota aurkituko ditugu: behi aziendena, ardi aziendena, behor aziendena eta ahuntz aziendena. Haietako bakoitzak bere eragin bereziak ditu hala ekonomia aldetik nola ingurumenekotik.Ardi aziendenak ustiapen ohikoenak dira; horren ondotik heldu dira haragitarako behienak, ekonomiaren ikuspuntutik garrantzitsuagoak.Beraz, kopuru aldetik ardi aziendak gailentzen dira, behi aziendenak halako hiru AzLU gehiago dituztela.Beste bi abeltzaintza moten pisua askoz ere txikiagoa da, ia anekdotikoa, nahiz eta behor aziendenak aukera izan dezakeen baliabide sortzaile izateko zela-abere gisara. Zaldi-behorrak beren aldetik libre bazkatzen dira denboraldian mendi-larreetan, eta ahuntzak, berriz, artaldeetan txertatzen dira kopuru txikietan.Oro har, abeltzaintzaren zamak ez dira iristen Nekazaritzako Politika Erkidean (NPE) abeltzaintza estentsiboko sistemen erreferentziatzat ezarritako balioetara. Are gehiago, pentsa daiteke Planaren aplikazio esparruan sartuak dauden udalerriek gaur egun batez beste dituzten kargak ez direla aski habitat batzuk mantentzeko. Izan ere, ikusten dugu leku jakin batzuk sastrakadi bihurtzen ari direla, batez ere ainarra eta otabera nagusitzen ari direlako.