Faunari buruz Imprimir

Zaraitzuko ekosistema desberdinetan topo eginen dugu faunan ikur diren espezie ugarirekin; horietarik, batzuk mehatxaturik daude.

Pagadietan: Giro heze-hezea baitute, ingurune egokia da anfibio espezie aunitz bizitzeko, hala nola baso-igel gorria, arrabioa edo uhandre piriniotarra. Lehenbizikoa idoi, osin eta, bakanago, errekastoetan ugaltzen da. Beste biak, aldiz, errekaxketan beti. Igel piriniotarra interes handiko espeziea da, Pirinioetako endemismo bat baita, XX. mendearen bukaeran aurkitua! Ur hotzeko uharretan bizi da, amuarrain arruntik ez bada. Haren kontrako mehatxu nagusia uhar horien bestelakotzea da (mendiko pistak irekitzeagatik edo ur ibilguan barna enborrak herrestatzeagatik). Narrastiek, berriz, giro idorrak maite dituzte orokorrean; haien artean, ongi egokitutako espeziea bizi da: zohikaztegiko sugandila.Pagadi helduenetan, arbola zaharrak dituztenetan, bitxi ornitologiko bat kausitzen da: okil gibelnabarra. Irati-Orreaga BGLean ageri da Hego Pirinioetako populaziorik garrantzitsuena.

Iratiko pagadietako ugaztun adierazgarrienen artetik, karraskari txikiak nabarmentzen dira, hala nola lursagu gorria, zoruko orbelean bizi dena, muxar grisa, enbor zuloetan bizi dena, eta satitsua. Hona beste animalia batzuk, ezagunagoak, orobat pagadi hauetan bizi direnak: basakatua, ipurtatsa, basurdea, oreina eta orkatza. Pagadi-izeidietan fauna ez da sobera desberdintzen pagadi hutsetakotik. Pagadi-izeidiko ugaztun bereizgarriena lepahoria da; bera eta bere harrapakinik preziatuena, urtxintxa, hagitzez ere ugariagoa da ingurune honetan pagadian baino.Ler gorrietan. 

Ler gorrien artean hegaztiek pagadietan baino ingurune egokiagoak aurkitzen dituzte, eta mota desberdinetako komunitateak eratzen dituzte, dentsitate handi samarrak dituztenak. Hegazti bereizgarrien artean, pinu-kaskabeltza eta mokokerra dira. Espezie handiagoak, berriz, kopuru txikiagoetan bizi dira, hala nola zapelatz arrunta, aztorea, gabiraia, okil berdea eta okil beltza, besteak beste. Ler gorrietan, orkatzak, basurdeak, azeriak, azkonarrak, katajinetak, lepahoriak eta urtxintxak ere bizi dira.

Ur ibilguetan. Irati aldeko erreka eta errekastoetako uretan lau arrain espezie dira: amuarraina, txipa, loina eta mazkarra. Lehenbizikoa ur ibilgu gehien-gehienetan barreiatzen da eta ibilgua ur-hari bat baizik ez den tokiraino igotzen da erreka-buruetan. Zenbait hegazti espezie ugaldeen premian daude, hala nola ur-zozoa eta martin arrantzalea. Ur ibilguei loturiko ugaztunak dira ur-satitsu hankazuria, Pirinioetako muturluzea, ipurtatsa eta igaraba.

Harkaitzetan. Iristen zailak direnez, labarrek aterpe ematen diete hainbat animalia eta landareri. Hegazti askok hautatzen dituzte habiak egiteko, gainera behatoki apartak direlako eta bertan goranzko aire-korronteak eratzen direlako, planeatzaileek erabil ditzaten. Eskualdeko harkaitzetan, hegazti habiagile aunitz agertzen dira, hala nola ugatza, sai arrea, sai zuria, belatz handia, belatz gorria etab. Jatekoa harkaitzetatik kanpo bilatzen dute, gehienetan eremu irekietako larreetan.

Aipatu ekosistema guztietan, animaliarik ugarienak ornogabeak dira; hala ere, horiexek  aztertu dira gutxien. Besteak bezain munta handikoak dira, baina naturan jakiteko asko falta zaigu, gizakion harrokeria eta burugabakeriagatik ere, ingurunean eragiten ditugun ondorioak jakin gabe jokatzen baitugu.