Geologiari buruz Imprimir

Kanbriar eta Devoniar aldien artean (500-400 milioi urte), jalkinak metatzen joan ziren; mendietatik, erreketatik eta itsasoetatik heldu ziren hondar horiek gehitzen zihoazen noizbait Pirinioak izanen zirenen gainean. Geroago, garrantzi handia izanen zuen zerbait gertatuko zen lur azalaren azpian: magma jalkin horien guztien azpian kokatu zen eta hozten joan zen, gisa horretara intrusio harkaitz bat sorraraziz, granitoa.

Bizkitartean, kanpo aldean, jalkinak metatzen ziren beti, itsasokoak oraingoan, gaur Pirinioak dauden tokian itsasoa baitzen orduan. Permiar aldian, duela 350-250 milioi urte, mendikatea goititu zen lehen aldiz, eta berehala desegiten hasi zen eragile atmosferikoen bulkadaz. Horrek materialen garraioa ekarri zuen goiko gailurretatik ibarretara, aro berri bat hasiz materialen sorrerari dagokionez. 

Sekundarioaren barnean, Triasikoan, duela 215 milioi urte, kolore gorriztako materialen metaketarekin. Kretazikoan (duela 100 milioi urte) eremua urez betetzen joan zen, Atlantikoko dortsal bat (ur azpiko goragune handia, ozeanoaren erdialdean dagoena) paratuta. Horrek itsas-sedimentazioa ekarri zuen, itsaso haren hondoan metatzearen ondorioz; horrekin aldizkatu ziren ur ertz lurtarretatik eroritako kareharrizko materialak. Itsas ildo hura orbainduz joan zen, eta itxi Kretaziokaren amaieran eta Tertziarioaren hasieran (25 milioi urte), nola itxiko eta lurren alderantzizkatze batekin: Ebroko mendigunea hondoratu zen itsaso bilakatzeraino, eta goititu, berriz, itsaso piriniotarra. Hori guztia, fase konplexu ugarietan gertatu zen tertziario guztian; horien guztien amaieran, Orogenia Alpetarrak Pirinioak jaso zituen azkenik. Tolesdura berri horren alderdi garrantzitsuena izan zen material desberdinen portaera, trinkotuak eta goitituak izatean. Funtsean, bi material mota ziren: oinarri gogor bat, batetik, granitoek, harri metamorfikoek eta Aro Primarioko jalkin zaharrek osatua, eta Zokalo Paleozoikoa izena hartzen duena; eta bestetik, haren gainean, Aro Sekundario guztian metaturiko zenbait motatako jalkinen estaldura.

Oinarriko material zurruna, trinkatzean, puskatu eta goititu egiten da, bere lekutik mugitu gabe. Goititzean, material sekundarioa, biguna, jasotzen du, eta hura tolestu eta iparraldera eta hegoaldera higituko da, zokalo paleozoikoak bulkatuta. Horren eraginez, Goi Pirinioetan bi mendi mota izanen dira: batetik, ardatza osatzen dutenak, material zaharragoek eta gogorragoek eratuak eta higadura hobeki jasaten dutenak, eta bestetik, ardatz hori inguratzen dutenak, material sedimentario bigunagoez eginak. Ibarrean azaleratzen diren materialak, nagusiki, kareharriak dira, baita margak, flysch motako egiturak eta ibai-metakinak ere, egungo aroan ibar barrena betetzen dutenak.

Pirinioak goititu zirenetik gaur egun arte (30 milioi bat urte) glaziarren ura eta izotza lurrak higatzen joan dira eta ibarra modelatzen, gaur egungo erliebea eratzeraino; tartean elementu garrantzitsuak dira, hala nola Arbaiungo, Irunberriko eta Aizpurgiko arroilak eta Ori mendiko kaskoa. Aro geologikoez ari garela, lotura ezar daiteke Lurraren adinaren eta gizakiarenaren artean: pentsatu besterik ez da egin behar pertsona baten bizia 0,31 segundo baizik ez dela Lurraren bizian, erran nahi baita, instant bat. Pirinioak gazte batzuk dira Lurraren 4.600 milioi urteen aldean: mugitzen eta egonkortzen segitzen dute oraino.