Klimari buruz Imprimir

Aezkoan, Zaraitzun eta Nabaskozeko Almiradioan bi klima mota handi dira nagusi: mediterraneo hezea, 800 metrotik goiti kontinental antzeko ezaugarriak dituena, eta mendiko klima kontinentala, 1300 metrotik goiti (Abodi mendian, Berrendin, Iratin…), halako garaieran baino areago, halako orientazioa duten aldeetan. 

Abodi/ Berrendi mendilerroak markaturiko lerroaren hegoaldean, klima hagitzez idorragoa da, muturrekoagoa eta Pirinioetako mendikatearen beste aldeetako kontinentaltasunetik gertu dauden ezaugarriekin. Ibarburuetan, neguan egiten du euri gehien; horrek erakusten digu oraindik nabarmena dela eragin ozeanikoa. Ibarretatik hegoaldera neguko euriak apaltzen joaten dira. Idortea, berriz, ez da hagitz bizia iparraldean, baina handituz joaten da hegoaldera egin ahalean, hilabete inguru irauteraino; udako hilabete guztietan 40 mm baino gehiago biltzen dira, baita Ustaizen ere (620 metro garai).

Tenperaturei dagokienez, 900 m-ko kotan urteko batez besteko tenperatura 8,1 º C da (Erremendia), eta 620 m-an igotzen da 12,3 ºC-ra (Ustaize). Hotzaz den bezainbatean, neguak gogorrak dira; urtarrilean batez bestekoa 1ºC da Erremendian, eta – 3º C-ra jaisten da 1600 m-tan. Abuztuan, berriz, batez beste tenperatura 18,6 ºC da Erremendian. Urteko tenperatura-bitartea ez da 18 º C baino handiagoa.Hegoalderantz, balio termikoak handitu egiten dira; batez bestekoak 3,7 º C dira urtarrilean eta 21,8 abuztuan (Ustaizeko datuak). Maiatzetik irailera 15 ºC-tik goiti dabil, eta urteko batez besteko tenperatura-bitartea 18 ºC da.