Larreak, iralekuak eta sastrakak Imprimir

Larreak, nagusiki, mendi bizkarretan eta mendateetan hedatzen dira. Errana berri da gizakiak larre natural horien muga zabaldu duela, oihanari tokia ebatsirik. Erran dezagun beheititu duela arbolak mendi hauetan igotzen ahal diren kota garaiena. Larre hauek dakarten deforestazioa aspaldi-aspaldikoa da; Neolitikora jo beharra dago, orduan ireki baitziren lehen soilguneak oihanetan, erreketa eta mozketen bidez. Gero aziendak, etengabe bazkatzearen poderioz, belarkiak bulkatu zituen eta arbolei, berriz, hazten ez utzi. Oreka horrek artzainak eta haien saldoak ditu epaile. Larratzea nolakoa den, bizia edo motela, larrea sastrakaz bete daiteke, oihana itzuli aurreko urrats gisa, edo dagoen-dagoenean gelditu, edo higatu, gehiegizko larratzearen ondorioz.Eskualde honetako larre gehienek pagadi-izeidia ordezkatu dute, baina Oritik Erronkaribarreraino, mendi pinua izan da galtzailea. Gaur egun Larraraino baizik ez da zabaltzen; antzina, ordea, Oriraino ailegatzen zen, kasko horretatik Errronkaribarreraino ikusten diren ale bakanak lekuko.

Abeltzaintzak indarra egiten ez duenean, txilarrak eta ainarrak ugaltzen dira, eta larrea galdu, izanik habitat hori Natura 2000 Sareak babestua. Iraun dezaten, nahitaezkoa da artzainak eta aziendak izatea.Iralekuak ugariagoak dira eskualdeko mendebaldean. Egungo iraleku franko, noski, landu izan dira noizbait artigen bidez, nekazaritza ibiltariko sistema, bera. Horretarako, oihan puska batean arbolak bota, bere hartan laborantzan aritu eta utzi egiten da gero, oihana itzul dadin. Horren ondotik, beste bazter batean hutsartea egiten da eta zikloa abiatzen.

Orreak (ipuruak) eragin atlantikoa txikiagoa duten tokietan agertzen dira, Abodin batik bat; ainarrak, berriz, eragin atlantikoa handiagoko tokietan, BGLaren mendebaldean.