Ler gorriak Imprimir

Ler gorriak (Pinus sylvestris) Abodi mendiko hegoaldean eta ekialdean hedatzen dira, toki horretan hezetasuna gutxitzen baita, eta udak idorragoak eta beroak izaten. Irati barneko ler gorriak basoberritze artifizialen emaitza dira. Oihan handiak osatzen dituzte, mosaikoak eraturik beste arbola espezie batzuekin, larreekin eta laborantzekin, eta hori orientazio eta zoru mota guztietan gertatzen da, zuhaizti hoberenak ospeletan agertzen badira ere. Modu naturalean izatera, ler gorriek egun baino azalera gutxiago harrapatuko lukete beste baso mota batzuetako soilguneetan, mazela oso eguzkitsuetan eta zoru gutxiko tokietan, haien lekuan pagoak, haritzak edo izeiak sorturik zorua hobetzen delarik. Beste kasu aunitzetan bezala, giza jarduerek eragin funtsezkoa izan dute haien egungo banaketan. Gizakiak pagadi edo hariztietan soilguneak irekitzen dituelarik, larreak edo aldi baterako laborantzak lortu nahirik (artiga edo artika izenekoak, Pirinioetan hagitz erabiliak lehenagoko denboretan), eta horiek gero uzten, ler gorria sartzen da espazio horretan bizitzera. Zoru gehiago eratzean, haritzak, pagoak eta izeiak etortzen dira, non eta horrela. Alabaina gizakiek batzuetan modu selektiboan mozten dituzte, ler gorriak baizik ez uzteko, horiek baitira emankorrenak. Gizakiaren eskurik gabe, urte gutxiko kontua litzateke pagadiak ospeletan berriz ere sortzea. Ler gorriaren izaera menturazale hau gure Pirinioetako ibarretako ezaugarria da; haren eraginez, basorako berreskuratzen dira bestela sastrakak estaliko lituzkeen bazterrak.Hona hemen ler gorrien artean agertzen diren beste arbola espezie batzuk: haginak, lertxunak, ezkiak eta gurbeak. Ibarbide hezeetan hurritzak agertzen dira eta eguteretan, berriz, ezpela da ugaritzen.