Pagadiak Imprimir

Eskualdeko oihanik zabalenak dira; lainoen maitale, bazter handiak estaltzen dituzte iparraldean, baina bakanduz doaz hegoaldera jo ahalean, hariztiek haien lekua harturik; ekialdera, berriz, ler gorria da, pixkana-pixkana, paisaian nagusi. Bazter honetan hazten dira Nafarroako pagadi trinko eta hoberenetariko batzuk. 700 m-tik 1500 m-ra bitarte garatzen dira. Gizakiaren lanak goiko muga beheititu du, larreak handitzeko.Eskualdean hiru pagadi mota aurkitzen ditugu:

Pagadi azidofiloak: ipar-mendebaldeko muturrean, hain zuzen ere, eragin ozeaniko handiena duen bazterrean. Luzaidetik Aezkoa mendiraino hedatzen dira.

Pagadi piriniotar kaltzikolak: zoru basikoen gainean. Zaraitzu aldeko Irati eta Abodi-Berrendi mendilerroa okupatzen ditu. Oihan horietan izeia (Abies alba) agertzen da asko edo gutxi, pagadi-izeidi delakoak eraturik; BGL honetakoak Penintsula osoan oihan mota honek dituen alerik hoberenak dira.

Pagadi submediterraneo termikoagoak: ur gutxiago behar dute. Abodiko hegoaldean kokatzen dira, Zaraitzun eta Erronkaribarren, eta eragin kontinental nabarmenak dituzte. 

Pagoaren zuhaitz geruza jarraitua eta trinkoa da. Beste espezie batzuk, hala nola mendiko zumarra, hagina, gurbeak, ezkiak... bakanak dira. Beste baso batzuekiko topaguneetan pagoak haritzekin eta pinuekin elkartzen dira, besteak beste.Pagoek sortzen duten ilunantzak ez du uzten azpian zuhaixka espezie aunitzik hazten; horiek basoko soilgune edo ertzez baliatzen dira hazteko. Leku frankotan, orbel geruza baizik ez da pago azpian, baita argirik gabe bizi daitezkeen landare batzuk ere, orkidea kasu, Neottia nidus-avis. Naturaren edo gizakiaren eraginez hutsarteak irekitzen direnean, pago gazteek laster batean estaltzen dute hutsune argiztatua. Hala ere, badira espezie batzuk beren artean zuhaixka geruza urri eta etena eratzen dutenak, hauek besteak beste: sahatsak, gorostiak, iparraldeko elorri zuriak, ahabiak eta ezpelak.Belar geruza urria da; hartan iratzeak nagusi dira, baita erraboilak eta errizomak dituzten landareak ere, haien estrategia baita goiz loratzea, pagoek haien hostoak idortu aitzin.

Pagadietan, izerditan aritzen dira enbor eta adarrak, eta hezetasun horrek giro egokia sortzen du likena, goroldioa eta iratzea garatzeko.