Arrano beltza (Aquila chrysaetos) Imprimir

Oso arrano handia da, eta luzeran bi metro baino gehiago izatera iristen da. Hegan egiten duenean bere buru irtenaren siluetagatik, bere buztan luze biribilduagatik eta V forma lautuko hego luze eta zabalengatik bereizten da. Helduak marroi-beltz ilunak dira eta buru marraduna eta garondo arre horixka dute. Moko beltza, kakoduna eta oso indartsua dauka. Zeroma eta hanka horiak ditu. Emea arra baino handiagoa da. Gazteak marroi argiak dira eta bi hego-ezkutu dituzte, zuri-zuriak, buztanaren oinarria bezala (Elósegui, 1985 & Noval, 2001).

Hegazti bakarti eta isila da, eta ehiza eremu zabala du. Neurri ertaineko harrapakinez elikatzen da, ugaztunez eta narrastiez, adibidez, eta sarraskia ere jaten du. Espezie egoiliarra da, eta gaztaroko faseetan sakabanatze-mugimenduak gauzatzen ditu.  Araldia neguaren bukaeran hasten da. Mendietako harkaitzetan eta labarretan egiten du habia. Behin soilik jartzen ditu arrautzak martxo-apirilean, bizpahiru jartzen ditu eta zuriak edo horixkak dira arre-koloreko orbanekin (Noval, 2001).

Nafarroan komunitate osoan aurki daiteke, isurialde kantauriarrean izan ezik, eremu horretan urriagoa da eta. Hegazti honen populazioari dagokionez, azken hamarkadan bikote ugalkorrak pixka bat areagotu dira (Fernández et al., 2000).

Mundu mailan (IUCN), Europan (Hegaztien Z. eta Bernako H.), Espainian (IUCN eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoa) eta Nafarroan babestuta dago (Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoa).

Bere mehatxu nagusiak laborantza jardueren aldaketa, pestiziden erabilpena, ureztaketa, artzaintza sistemak uztea, lurzatien kontzentrazioa, ehiza eta harrapaketa, sare elektrikoak, kirolak eta aisialdiko aire libreko jarduerak dira, baita kutsadura eta giza jarduerarekin lotutako beste eragin batzuk ere (zaratarekin lotutako eragozpenak).

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik HEMEN