Fauna Imprimir

Ornogabeei dagokienez, KBEan bibalbo desberdinak daude, zenbait aipamenen arabera. Irati eta Erro ugaldeetan Unio elongatulus (F. Unionidae) espeziea identifikatu da, eta KBEaren barnean Psilunio littoralisaren eta Anodonta  sp.aren aipuak daude (Ruiz Atalba, 2002). Gainera, BGLaren hegoaldean badira Gomphus graslini  odonatoaren presentziaren aipuak. KBEaren barnean, salmonidoen goiko esremuak amuarrain (Salmo trutta fario) populazio handiak garatzeko moduko morfologia eta kalitatea agertzen ditu. Urari beheiti, espezie ziprinikolak bizi dira, hala nola loina (Parachondrostoma miegii), mendi-barboa (Barbus graellsii), barbo buztan-gorria (Barbus haasi) eta mazkar arantzaduna. Mazkarra edo errekako otsoa (Barbatula quignardi) ere bizi da alde honetan. Anfibioei dagokienez, uhandre piriniotarra (Euproctus asper), uhandre palmatua (Triturus helveticus) eta txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) nabarmentzen dira. Arrabio arrunta (Salamandra salamandra) ere kausitzen da. Apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis) da ibai eremuko narrasti aipagarriena. Ibai eremuei zuzenean loturiko hegaztietan, bi espezie nabarmentzekoak dira, ugari samarrak baitira: martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus). Bestalde, bi miru espezieak ageri dira, miru gorria (Milvus milvus) eta miru beltza (Milvus migrans).Aztergai dugun eremuan, ugaztun espezie aipagarrienak dira igaraba (Lutra lutra), muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola). Nabarmentzekoa da, orobat, zenbait aterpe daudela (leizeak eta eraikinak) saguzar koloniak dituztenak, zehatz-mehatz espezie honetakoak: Rhinolophushipposideros, R. ferrumequinum eta Miniopterus schreibersii