Eremu irekiei loturiko hegaztiak Imprimir

Larreak sastrakadi eta baso-ertzekin tartekatzen dituzten eremu irekiak milaka urtez erabili izan dira aziendak bazkatzeko; horren ondorioz, erabilera horren mendeko espezieak agertu dira. Gainera, babesa eta jana eskaintzen dizkiete aziendak egotea behar duten beste espezie batzuei, konparaziorako, ugatzari. Beste espezie batzuek ere, hala nola eper grisak, larrearen eta sastrakaren eremu mistoak erabiltzen dituzte.   Espezieak gaur egun Espainian dituen kontserbazio arazoak aztertu dituzte (2003). Zuzeneko hilkortasunari dagokionez, mehatxu nagusiak pozoiak, sare elektrikoekin lotutako istripuak eta ehiza dira, zehazki, espeziearen heriotza-tasaren % 90 baino gehiago eragiten dute. Bestalde, ugalketan izaten diren porrot gehienak gizakiak eragiten ditu, hau da, ehizaldiek, maniobra militarrek, azpiegituren eraikuntzak, eskaladak eta mendi-ibiliek. Azkenik, abeltzaintza estentsiboak beheiti egin du, hegaztiendako bazkaleku tradizionalak desagertu egin dira eta hilotzak lurperatu egiten dira; horrek guztiak eskaintza trofikoa nabarmenki murriztu du, eta badirudi horrek eragina duela espezie honetako banakako gazteengan. Aipatutako arazoak ikusita, ugatzak irauteko beharrezkoa da, besteak beste, abeltzaintza jarduera estentsiboa mantentzea eta bere heriotza-tasan eragina duten faktore ez naturalak zuzentzea. Gaur egun, ugatzak ez du txitarik hazten Orreaga-Iratiko Oihana BGLan, baina noizbehinka habia egiten du lekuko eremu batean. Hala ere, maiz ikusi izan da BGLko larreetan, eta, orobat, BGLko zenbait harkaitzetan banakakoei erreparatu zaie batzuetan, izan ere badirudi atseden hartzeko erabiltzen dituztela; gainera, inguru batzuk hezurrak hausteko erabiltzen dituzte. Espezie hau berreskuratzeko plan bat prestatu da, helburu hau duena: “espeziearen atzerakadan eragina duten edo izan duten aurkako faktoreak ezabatzea, espeziearen populazioak, epe luzera, tamaina bideragarria har dezan, bere habitat potentziala berriz ere kolonizatzeko aukera emanen diona”. Espezie honen mehatxuetako bat elikagai falta da, abeltzaintza estentsiboa baztertzearen ondorioz. Mehatxu hori desagerrarazteko sortu da, foru dekretu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hegazti sarraskijaleendako bazkatokien sarea Neurri horri esker, hegazti nekrofagoendako ordezko elikadura-guneetan (HNOEG) jateko gehigarria ematen zaie, janari gabezia hori berdintzeko. Eper grisak ere kontserbazio arazoak ditu gaur egun Espainian, nagusiki bere habitataren suntsipena eta bestelakotzea, haztegietako aleak askatzearen ondoriozko kutsadura genetikoa eta hilkortasun ez naturala (Onrubia et al., 2003). Nafarroan, alderdi kaltegarrien artean aipagarriak dira bai larreak osotara abandonatzea (sastrakak areagotzen direlako), baita handiagotzea ere (sastrakak desagerraraztea ekartzen duelako), mosaiko itxurako habitata behar baitu. Bideak kontrolik gabe egin izana eta mendiko turismoak eragiten dituen trabak ere mehatxu potentzialak dira espezie honentzat (Fernández eta Azkona, 1997).  Eper grisari eta mendiko beste hegazti galliforme batzuei buruz informazio gehiago lortu nahi izanez gero, sartu GALLIPYR proiektuaren orrian (Red Pirenaica de los Galliformes de montaña).