Fauna Imprimir

Ornogabeei dagokienez, Aizpurgiko presatik behetiko zenbait tokitan aurkitu dira kuskubiko bi espezieren presentzia duten barrutiak; Unio mancus (=U. elongatulus) eta Potomida littoralis(=Psilunio littoralis).  Lehenbizikoa, Habitatei buruzko Zuzentarauaren V. eranskinean aurkitzen da. Orobat, Gomphus grasliniren aipu bat dago, Zaraitzu ibaian, Irunberri parean. Burruntzi hau Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinean agertzen da; haren katalogazioa da “interes berezikoa” Estatuko katalogoan, eta “arriskuan” IUCNren zerrenda gorrian. Zaraitzu ibaiaren ibilbidearen zati gehienetan amuarraina  (Salmo trutta m. fario) da nagusi; hura “kaltebera” da, IUCNren katalogoaren iritziz. Nolanahi ere, badira beste ziprinido espezie batzuk, hala nola loina (Parachon drostoma miegii), Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean sartu dena, eta mendi-barboa (Luciobarbus graellsii), Habitatei buruzko Zuzentarauaren V. eranskinean sartua. Txipa (Phoxinus phoxinus) da Zaraitzu ibaiko arrain autoktonoen azkena, espezie katalogatua ez bada ere. Barbo buztan-gorria (Barbus haasi) Xabros errekan baizik ez da aurkitu azken urteean (“kaltebera”, UICNren katalogoaren arabera). Orobat, zarboa (Gobio lozanoi) ere bizi da KBEan. Anfibioei dagokienez, gehien nabarmentzeko moduko espeziea uhandre piriniotarra (Calotriton asper) da, Nafarroan  “interes berezikoa”, katalogoaren arabera, eta Habitatei buruzko Zuzentarauaren IV. eranskinean dagoena. Txantxiku arrunta ere (Alytes obstetricans), Habitatei buruzko Zuzentarauaren IV. eranskinean sartua, BGLean dabil eta “interes berezikoa” da Estatuko katalogoaren arabera. Orobat ageri dira arrabio arrunta (Salamandra salamandra), UICNren iritziz “ia-ia mehatxatua” dena, eta zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea), “interes berezikoa” Nafarroako nahiz Estatuko katalogoen arabera, Habitatei buruzko Zuzentarauaren IV. eranskinean agertzeaz landa. Ugaldeari loturiko hegaztien artean aipagarriak dira martin arrantzalea (Alcedo atthis), 79/409/CEE Zuzentarauaren I. eranskinean (Hegaztiei buruzko Zuzentaraua) dagoena, eta ur-zozoa (Cinclus cinclus), biak “interes berezikotzat” jotzen direnak Nafarroan. Azpimarratzekoa da, gainera, bi miru espezieek (Milvus milvus eta M. migrans) beren habiak egiten dituztela BGLean, eta miru gorriak negurako loleku bat duela Irunberritik hurbil.Aizpurgin habia egiten duten harkaitzetako hegaztien artean lehen lerroan ditugu, beren katalogazioaren arabera, sai zuria (Neophron percnopterus) eta belatz handia (Falco peregrinus); biak daude 79/409/CEE Zuzentarauaren I. eranskinean (Hegaztiei buruzko Zuzentaraua) sartuak eta biak dira “kalteberak” Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera. Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) ere hemengo biztanlea da; Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean dago eta “interes berezikotzat” jotzen da Nafarroan. Ugatza (Gypaetus barbatus) maiz hegaldatzen bada ere Aizpurgiko arroilaren gainean, ez da haren habiarik kausitu labar hauetan; espezie hau 79/409/CEE Zuzentarauaren I. eranskinean (Hegaztiei buruzko Zuzentaraua) sartua da eta “galzorian” dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren eta Estatuko Katalogoaren sailkapenaren arabera. Halaber, badago sai arre kolonia tiki bat (Gyps fulvus); espezie hau “interes berezikoa” da Nafarroako nahiz Estatuko katalogoetan, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean agertzeaz aparte. Aizpurgiko labarrek, gainera, aterpe ematen diote haitz-enara kolonia tiki bati (Ptyonoprogne rupestris) eta Nafarroan banaketa eremu urria duten espezieek erabiltzen dituzte pasa garaian, besteak beste harkaitz-txoriak (Tichodroma muraria). Ugaztunei dagokienez, BGLeko espezie aipagarrienak igaraba (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) dira. Igaraba Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan ageri da; “galzorian” dago Nafarroako katalogoaren arabera eta “interes berezikoa” da Estatukoan. Bisoi europarra (Mustela lutreola), berriz, Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean ageri da, lehentasuneko espezie gisa; “galzorian” dago Estatuko katalagoaren arabera eta, berriz, “kaltebera” da Nafarroakoan. Bestalde, kiropteroen babesleku batzuk ezagutzen dira KBEtik hagitz hurbil, batez ere Arbaiungo arroilako leize bat (Leire mendilerroa-Arbaiungo arroila BIL). Leize horretan bederatzi saguzar espezie aurkitu dira, eta guztiek badute katalogazio suerteren bat; haiendako, ur ibilgua ibil-eremua eta ehizatokia da.