Oihan inguruneari lotutako hegaztiak Imprimir

Hegazti hauen artean, egoera larrian daudenak nabarmenduko ditugu, hala nola, okil gibelnabarra eta okil beltza. Okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos sso. lilfordii) errekerimendu ekologikoek agerian uzten dute hegazti honen biziraupenerako funtsezkoa dela oihana behar bezala kudeatzea; zehazki, oihanen ustiapena areagotzea ez da espezie honen presentziarekin bateragarria.  Oihana okil gibelnabarra babesteko behar bezala kudeatu nahi bada, honako baldintza hauek bete behar dira, gutxienez: bakanketa lanak egitea eta modu naturalean birsortzen uztea; zuhaitzek bilakaera naturala izateko erreserbak ezartzea; azken mozketaren ondotik 8-10 zuhaitz uztea hektarea bakoitzeko, eta egur ihartua oihanean mantentzea, zuhaitz zahar edo ihartuak barne. Gainera, basolanak baztertu behar dira espeziearen umatze sasoi erabakigarrietan (Campión eta Senosiain, 2004). Okil beltza (Dryocopus martius) babesteko, berriz, Fernándezek dioenez (1997), nahitaezkoa da oihana behar bezala kudeatzea eta, bereziki, garrantzitsua da enbor handiak mantentzea, habiak edo/eta lotarako zuloak dituztenak, batik bat, espezie honek umatze garaitik kanpo oso maiz erabiltzen baititu lo egiteko. Espezie honentzat garrantzitsua da, orobat, egur ihartua egotea, bat zutik, bai lurrean, eta  basolanik ez egitea espeziearentzat kritikoak diren garaietan, hau da, apiriletik ekainaren hasierara, eta horrez gain bakanketa lanak egitea eta modu naturalean birsortzen uztea, eta erreserbak ezartzea. Halaber, garrantzitsua da baso mistoak mantentzea, bereziki konifero helduak dituztenak, oinarri horiek espezie honentzat baliabide trofiko garrantzitsua baitira. Azpimarratzekoa da espezie honek baso-ohiturak dituzten beste askok erabiltzen dituzten habitatak sortzen dituela.