Saguzarrak Imprimir

Orreaga-Iratiko Oihanean bizi diren 14 kiroptero espezieetako batzuk ubikistak edo haitzulotarrak dira, hau da, giza eraikinetako babeslekuak behar dituzte. Hala ere, espezie batzuk oihanean bizi dira, hala nola, baso-saguzar nanoa (Pipistrellus nathusii), gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri,) gau-saguzar handia (N. lasiopterus), baso-saguzarra edo Barbastela (Barbastella barbastellus) eta iparraldeko belarrihandi arrea (Plecotus auritus) eta, neurri txikiagoan, ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum). Bi gau-saguzarrak urte askoko zuhaitz ugari samarreko oihanetan bizi ohi dira. Leku honetan aurki daitezkeen 14 espezieen artean, egoera makurrenean daudenak ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros) dira (egoera kalteberan daude sailkatuta Nafarroan eta Espainian). Saguzar horiek izatea garrantzitsua da intsektu populazioak kontrolatzeko (sitsak, eltxoak, ortopteroak etab.), ez baititu beste inongo animalia-taldek aprobetxatzen. Europan, espezieen populazio gehienen atzerakada garbia da (Palomo eta Gisbert, 2002). Espainian, kiroptero gehienen populazioen joerak ezezagunak dira. Nafarroari dagokionez, kolonia ezagunen inguruan egin den jarraipena aski ez izanagatik ere, beheranzko bilakaera sumatu da populazioetan.  Europako kiropteroen mehatxu nagusiak dira babeslekuen bestelakotzea eta, batzuetan, plagizida jakin batzuen erabilpena. Oihanen kudeaketa desegokiak urte askoko zuhaitzak edo zuhaitz zaharrak desagerraraztea dakar, eta horrek kontrako eragina du gau-saguzar txiki eta handiarengan, baso-saguzarrarengan eta, oro har, oihaneko espezie guztiengan, babeslekuak murrizten dizkielako.